XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aireko nabigazioaren arloan, erakunderik garrantzitsuenak hauek dira: IATA (International Air Transport Association) eta OACI (Organización de la Aviación Civil Internacional).

30.3.- ITSAS ZUZENBIDEAREN OSAGAI PERTSONALAK.

Untzidun kontzeptua aztertuz hasiko gara.

Merkatal Kodearen 586. artikuluaren bigarren lerroak honela dio: Untziduna, untzia dagoeneko portuan untziaren ordezkari den eta untzia hornitzen aritzen den pertsona da.

Definizio hau, nahiko iluna da.

Kontzeptu hau argitzeko asmoz, untziduna itsas enpresaria dela esan dezagun.

Beraz, untzidunak bere izen propioz enpresa-aktibitate bat aurrera darama, untzi baten edo gehiagoren ustiapenaren bidez.

Bere ezaugarria zera da: aktibitate ekonomiko baten ustiapenerako, untzia erabiltzea.

Aktibitate ekonomiko hori, garraioa, arrantza, etab. izan daiteke.

Itsas nabigazioko enpresaria, pertsona fisikoa ala pertsona juridikoa izan daiteke.

Untzi txikien edo baxurako untzien kasuan, untziduna batzutan pertsona fisikoa izaten da.

Hala ere, untziduna (gero eta gehiago) pertsona juridikoa izan ohi da; sozietate anonimoa hain zuzen.

Baita pertsona-multzoa ere izan daiteke untziduna; untzi baten gaineko jabego-komunitatea edo jabekidetza duena alegia.

Beraz, zenbait pertsona desberdin bereiztu behar da arlo honetan.

Lehendabizi, dagoenekoz aipatua dugun untziduna: bere izenean aktibitate ekonomikorako untzia erabiltzen duena da; eta gero untziaren jabea aipatu behar da, hau da; untziaren titularitatea daukana.

Batzutan beste pertsona bat ere azaltzen da itsas merkataritza honetan.

Untzia errentamentu-kontratuaren bidez hartzen duen pertsona.

Untzia aktibitate ekonomikoan ustiatzeko errentan hartzen du, eta bere kontura hornitzen du untzia.

Itsas merkataritzatik eratorritako erantzunkizunei, untzidunak aurre egin behar die bere kabuz.

Erantzunkizun hori ez dagokie ez untziaren jabeari eta ezta untziaren gestiogileari ere.

Beraz, untzidunak erantzun beharko du untziko kapitainiaren ekintzengatik, ekintza hauek burutzeko kapitainak ahalmenik badu.

Untzidunaren erantzunkizuna mugaturik geratzen da abordai kasuan (untzidunak untziaren balioraino eta ibilaldian ordainduriko pleitetaraino bakarrik erantzungo du).

Untziko kapitainiaren erruz garraiatutako merkantziek kalterik izango balute, untzidunak erantzunkizuna du kalte hauengatik.

Hala ere, bere erantzunkizuna muga dezake abandonu-akzioaren bidez, hau da, untziaren balioa eta pleitagatik jasotako dirua abandonatuko du kaltetuen onerako.

Akzio honekin bere erantzunkizuna kopuru horretaraino mugatzen du.

Munduan zehar gerta daitezkeen istripuengatik, Nazioarteko akordioen bitartez ere untzidunen erantzunkizuna mugaturik dago.